XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ataungo kanta zaharrak

Euskal Herrian asko eta asko ari dira noski gure kultura eta folklore aberatsa jaso eta aztertzen, bainan oraindik bada zer egina.

Gai berezi bati buruz, euskal kanta, bertso eta doinuak alegia, denok gogoan dugu Azkuek, J.M. Barandiaranek, M. Lekuonak, Aita Donostiak, Aita Lertxundik, Aita Zabalak, Basarrik, gaurko kantari eta bertsolariak, eta beste askok egin eta eragin duten lan gaitz eta ederra, bainan halaz ere zenbat eta zenbat kanta eta bertso oraindik gaur bazterretan inork jaso gabe, eta erabat hiltzeko zorian.

Gure baserri eta herri txikietan topa daitezke oraindik zenbait gizon emakume atzoko kultura eta ahozko literaturaren testigu eta gordailu bizi direnak, baina laister horiek beste mundura joatean, hor joango zaigu ere horiekin batean lehenagoko kultura jatorraren zati on bat; gaurko gazteek ezer gutxi jasotzen bait dute gurasoengandik tradizioz eta ahoz aho.

Horregatik bilketa lan zabal eta arduratsu baten beharra, gai honetan eta beste arlo askotan.

Hemen ni, Aita Jose Arratibel lagun dudala, Ataungo kanta eta bertso zaharrak jasotzen saiatu naiz.

Oraingoan bost argitara emango ditut, hurrengoan gehiago.

Bost horietatik hiru Juan Arin Dorronsoro, Ataungo apaiz ezagunaren paperetan aurkitu ditut; eta besteak honi eta hari entzunak dira.